ESPAINIAKO EPIDEMIOLOGIA ELKARTEAREN MAHAI-INGURUA, BIZITOKI KOLABORATIBOEI BURUZKOA
Ekainaren 24an Etxekonak Batek Epidemiologiako Espainiako Elkartearen mahai-inguruan parte hartu zuen, eta Maite Gaztelu kooperatibako lehendakaria izan genuen ordezkari.
Garrantzitsua da Etxekonak Bat aintzat hartzea eta bizitoki kolaboratiboak epidemiologiaren parte direla onartzea.
Osasuna ez da pertsona bakoitzaren kontua soilik, osagai sozial handia du, eta etxebizitza, harremanak eta laguntza-sareak ere, besteak beste, funtsezkoak dira.
Gaur egun bakardadea arrisku-faktore nagusietako bat da osasun fisiko eta mentalerako. Bizitoki kolaboratiboek, babes-ingurune bat izateaz gain, isolamendua gutxitzen dute, elkarren laguntza indartzen dute eta bizi-ohitura osasungarriagoak errazten dituzte.
Komunitatea eta bizikidetza bereganatzen dituzten ereduek benetako eragina dute prebentzioan. Bizitoki kolaboratiboak, bizitzeko modu desberdin bat izateaz gain, gaixotasuna prebenitzeko eta eguneroko bizitzan osasuna sustatzeko modu bat ere badira.
Ideia horiekin eta beste batzuekin, mahai-inguruan parte hartu genuen honako hauekin batera: Martin Etxauri (Karabaña), Mauge Cañada (Arterra Bizimodu), Begoña Alfaro kontseilaria, Ines Francés (ANAD) eta Joxe Abaurrea (Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzia).
Mahaia interesgarria izan zen, parte hartu zuten guztiengatik eta, batez ere, Administrazioak eta proiektuek partekatu ahal izan zutelako. Nork esan behar zigun duela urte batzuk alde biek aurrez aurre eta elkar ulertuz hitz egingo genuela? Ulertuko zigutela, eta, gainera, lurzoru bat lagako zigutela, lizentzia bat emango zigutela eta gizarte-eskubideez hitz egiteko prest egongo zirela, gure ideiak kontuan hartuta.
Urrats gehiago eman behar dira, jakina:
- Esparru juridiko eta finantzarioak bultzatzea, espekulazio-asmorik gabeko kooperatibek kreditua baldintza egokietan eskuratu ahal izan dezaten.
- Proiektu seniorrak legean sartzea eta dirulaguntzak eta bestelako laguntzak jasotzeko aukera izatea.
- Administrazio publikoek proiektu horiek unean uneko esperientziatzat hartu beharrean, etxebizitzaren eta gizarte-kohesioaren politika publikotzat jo behar dituzte.
Tira, lanean jarraitu behar dugu, bertan egonda, borrokatuz, baina egunotan interesa piztu da mahai-ingurura joan diren pertsonengan, Epidemiologiako Elkartean eta komunikabideetan. Artikuluak atera dira Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietan, Maite Gaztelu elkarrizketatu dute Nafarroako telebistan, El Paísen, EFE agentzian eta SER irrati-katean, Isabel Portillo ere elkarrizketatu dute, eta beste batzuk ere bai.
Gure proiektua zabaltzen ari da, eredua ulertzen ari da, eta horrek indarra ematen dio gure proiektuari eta animatu egiten gaitu.

